XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EURIAK EZ ZAITU BUSTITZEN, VALENTINE (I).

Ez nituen ezagutzen iraileko arratsaldeak zuhaitz kadukoez jantzitako jardinetan, maitasuna lurralde nordikoetan galdutako untzi bat zen, ez nekien nostalgiak museoak irekitzen dituela jendearen bihotzetan, eta zutaz oso gutxi nekien, guretzat artean mundua jostailuzkoa zen garai hartan.

Eta dena kasualidadez hasi zen, bus hartako kristalean idatzi nuen esaldiarekin.

Euriak ez zaitu bustitzen.

Zu begira gelditu zinen, eta Valentine erantsi nuen ondoren.

Euriak ez zaitu bustitzen, Valentine.

Gogoan hartu zenuen, ez zenuen ulertu, baina berehala ezabatu zenuen beste inork irakurri ez zezan.

Horrela, kasualidadez, sekreto batez loturik aurkitu ginen, eta elkarrekin botatako arratsaldeak ez ziren esaldiaren esanahia aurkitzeko ahalegin isilak besterik izan, baina hasieratik kondatu nahi dizut gure maitasunaren dekadentzia, eta dekadentzia diot, zoriontasuna gero, beti gero iristen dela sinestarazi zenidalako.